MASKARADAK - Xiberoko maskaradak lehen

XIX Mendeaz geroztik izan diren aldaketak Xiberoko maskaradan.

Denborarekin xiberotar maskaradak hanitx zentzatu dira, nahiz eta batzutan « basa » itxura atxikitzen duten.
Barrikaden forma aldatu da , zeren herriaren sarrerala heltzen ziren inbaditzailen jokoa itxuratzen zen.
« Gorri » eta « Beltz » personaien bereixketa ez zen orai bezain argia.
Beste joko eta personaiak baziren, bereziki « Beltzak » taldean, adibidez hartza eta bere erakuslea, zaharren bikotea, sarjenta, lili saltzaleak ikusten ahal ziren Europako hainbat maskaradetan bezala.

Barrikaden forma aldatu da


« La tradition au Pays Basque » liburua argitaratu zuen J.-D.-J. Salaberry-k 1899an eta barrikadak horrela azaltzen ditu :
« … Jadanik maskaradari harreraren egiteko apaindurik, gizon gazteak herriaren sarreran jartzen dira eta han, makila luze multzo batekin baita emazte eta haur saldo handi bat bilduz, giza barrikada bat antolatzen dute, bizia eta mugikorra, inbaditzaile oldearen geldiarazteko itxuran. Baina barrikada horrek ez lezazke luzaz atxik . Txerreroa aitzinean eta Buhame jaunak eskopeta tiro zonbait enzünarazi ondoan, barrikada zabaltzen da eta jokolarien taldea herrian sartzen da. »
1840ko datu batzutan bermatuz, Georges Herelle-k idazten du « Le théâtre comique » (1925) bere liburuan :
« Badé-ren arabera, bere garaian horrela gertatzen zen eraso aitzinekoa : « Entseinaria » aitzinean jartzen zen eta giza barrikadakoeri gutun bat pasatzen non errenditzea eskatzen zen, eta beraien ezetza ikusi ondoan, eskopeta tiroak botatzen zituzten. »
Eta beste idatzi batean, XIX. Mende hasieran ikusi dituen barrikadak deskribatzen ditu. Bi zatitan ezarten ditu, lehenik helburutzat duten herrirako bidean aurkitu barrikaden eraso itxuren antolatzea eta bestetik, harrera egiten duen herriko notableei egin agurra.




« Gorri » eta « Beltz » taldeen bereixketa ez zen orain bezain nabaria



Georges Herelle-k aipatzen du Buhame anderea, gehienetan « Maka beltza » izenekoa eta hau, XIX. Mende bururaino, Zamalzainaren ondoan zen eta gero « Kantiniersa »k ordezkatu zuen.
« Bere kenteko emazteak bezala jantzirik, Buhame andereak bere gona altxatuko pleguetan gorderik den zaldalea eskentzen dio Zamalzainari. Gehienetan « maquerelle » izena zuen eta merezitua, zeren ikusgarri denboran hitz gordinak botatzen zituen. »

Ihaute batzutan ikusten den Eroa oroitarazten dute bi jokolarik, Gatuzainak eta Txerreroak. J.D.J. Sallabery-k aurkezten du lehena bere « jantzi xuriak ematen du kolore hanitxeko « confetti »z apaindua dela ».
Gainera, « maskaradaren denbora osoan, jostatzen da dener, bai jokolarier bai sogiler, zer nahi jukutria eginez, ». XIX. Mendeko Agosti Xaho xiberotar jakintsunaren arabera, Txerreroak bazituen galtza bat xuri eta bestea gorri, lorez betetako burugainekoa eta mila koloretako jaka.

Agosti Xaho « küküllero »-etaz mintzatzen da : zetazko apaindurak, kolore hanitxetako xingolak, makil labur bat eskuan eta Zamalzainak gidaturik.

J. Bade-k dio 1840 urteetan küküllero »-ek ez zuten makila labur bat eskuan baina bai zurezko ezpata bat, eta batzutan buru gainean bazuten kartoizko kasko koniko bat girgilekin. Bade-ren arabera Europa osoan Erdi Aroan emaiten zen ezpata dantzaren ondorio bat da hemengoa.

Georges Herelle-k Zamalzainaren beste bilakaera bat zehazten du, iduriz lehen joko gehiago egiten zuen : « Joko berezi bat gertatzen da bidean, bat batean zamalzain ihesi doa eta Kerestuak edo Buhameak bere gibeletik doaz lasterka. »

 

Beste joko eta personaiak baziren.



« Beltz »en taldean bazen beste personai eta jokorik
« Xorrotx »-ak ausartago agertzen ziren.
Georges Herelle-ek hitzontzi bezala deskribatzen ditu : « beren ofizioaz mila ixtoria kondatzen dute, nesketaz lizunkeria hanitx erraiten, jendeetaz hurbiltzen dira eta konplimentuak bertsutan eskentzen, haietarik sos zerbaiten eskuratzeko ». Deusere emaiten zuenarentzako konplimentuetarik irainera aski fite lerratzen zen.

J.-D.-J. Sallaberry-k Buhame andereak aurkezten ditu eskuan broza batekin jendeen arropen garbitzen, ferekatzez eta diru gutieneko baten eskuratzeko eskuzabaltasunari dei eginez.

Buhame gaian beti, Georges Herelle-k Buhame jauna aipatzen du eta bereziki bere taldea, bi gizon eta zonbait emaztez osatua, benetako buhameen poligama usaien azpimarratzeko. « Apezek dituzte buhame andereak bazterrarazi, lizunkeria hanitx erraiten beitzuten eta beren jokoak zikinegiak zitzaielakoz, omen...».
Bestalde, maskaradako joko zahar bat ekartzen du gogora, hortan Buhame jaun eta anderea eta tratulant mando moztaileak dira ari. « Teila jokoan ari ziren (zur puska borobildu bat lurrean egin marra batera botatzen zen) ; jokoak tirabiran segitzen zuen, gero pataskan eta ezpata ukaldi batek jokolari bat hiltzen eta, beti bezala, medikuak berpizten zuen. »


XIX. Mende hatsarreko beste joko bat, orai desagertua, Kauter buruaren emaztearen haur sortzea, buhame emazte baten laguntzarekin. « Joko horren errealismo gordinegiak du kentzea ekarri » erraiten du historialariak. Honek beste pasarte bat ere gogora ekarten du : Xorrotx buruaren bizarraren mozten ari da barbera eta zintzurra ebakitzen deio. Medikua heltzen da eta kalamuzko metxa bati su emaiten du eta xorrotxaren ipurdian sartzen. Hau hobeki zoan eta medikuak aiuta batekin segitzen du, honekin bilduarekin sogileak bustatzen dituelarik...

Beste personai batzuen desagertzea
  • Eskaleak, zarpaz bezti eta miserable, segizioaren azkenetan ziren. 1857An J.B. Archu-k aipatzen dü « eskaleria » hori : adineko bikote bat zarpaz bezti eta fereka handiekin eramaten zuten zeruak eman ninia.
     
  • Lore saltzaleak agertzen dira ere garai horretan, eskuetan dituzte zare batzu eta hortik ateratzen dituzte lore sorta txikiak, herriko jauntxoer eskentzeko eta horiek eskertzen dituzte emaitza txiki batekin.
     
  • Sarjenta edo komisarioa, boneta frantziar kokardaz apaindurik eta gerrian ezpata txiki batekin, maskaradako ordena zaintzen du Jaunaren begiradaren pean.
     
  • « Erakuslea » bere hartzaren ondoan, hau aipatzen dute Francisque Michel-ek, Jean Heguiaphal-ek eta Georges Herelle-k.
     

Sonulariak

Georges Herelle-k aipatzen ditu sonujoileak « maskaradako segizioaren erdian, bi taldeen artean. Batak atabala jotzen du, besteak xirula eta ttunttuna. F. Michel-ek eta Xaho-k gehitzen dute arrabita, damurik, eta damurik ere F. Michel-ek sonulariak ezarten ditu segizioaren lehen lerroan. »

Eske itzuliak lehen


« La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français » titulua du Jean Michel Guilcher-en liburuak, eta hor orain desagertuak direnak baina lehen Xiberoan urtero egiten ziren itzuliak deskribatzen ditu. Herriko auzo bateko gazteak abiatzen ziren gau iluntzean, mozorrotzeko erabiltzen zuten « tela, zapi, ahuntz larru, kartoi, mustatxa, bizar eta betaurrekoz apaindurik, etab ». Herritarrek ezezagunen etxen sartzen uzteko beldurra zuten eta beraz eskale batzuk arinki mozorrotzen ziren, « begitartea beltzatuz edo oihal batekin tapatuz ».

Eskale gehienek gonak bazituzten eta jantziak belarrez beterik, batzu buhame gizon eta anderez beztiturik. « Buhame jaunak » zingar puskak zaku handi batetan edo makila batean sarturik eramaten zituen, « Buhame andereak » aldiz zare bat zeraman arrautzen sartzeko.
Beste personaiak ere seinalatuak dira : kauterak, kerestuak (xikitazaleak), xorrotxak eta herri batzutan « Zanpantzar » bat, su ematen zaion kuso (maniki) bat.

Oihu egile batek eramaten zuen taldea, bere gerrian bazuen behi joarez apaindutako uhal bat. Trufalaria eta jostaria den beste personai batek zurezko palanga luzagarria bat erabilten zuen nesken kitzikatzeko edo sartzen ziren etxetan dilindan ziren odolki eta beste janarien harrapatzeko. Bi jokolari horiek ezagutzen dira oraiko maskaradetako Txerrero eta Gatteroekin. Besteek dantza zonbait emaiten zituzten eta gero eskertzeko kantu bat ere, honen azken kopla eskuratu zutenaren balioaren araberakoa zen, esker on edo gaixto.

 


  ______   
^ Top ^